gabonetako%20azoka.jpg

Gehieneko edukiera eta ibilbideak ezarri dira Frantzia pasealekuko eta Santa Katalina plazako etxolak bisitatzeko. Denbora errealean jakinaraziko da zenbat jende dagoen bi gune horietan, zenbaketa adimenduneko sistema baten bidez.

 

Donostiak aurten ere dauka Gabonetako Azoka Urumea ibaiaren ertzean, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Donostia Sustapenaren bidez antolaturik. Aurtengo edizioan, segurtasun protokolo bat prestatu da, COVID-19ari aurre egiteko ezarritako legeriarekin bat etorriz. Protokolo horrek hainbat babes neurri ezartzen ditu, birusa kutsatzeko arriskua arrisku komunitarioaren antzekoa izan dadin lortzeko (uneotan, txikia edo oso txikia da arrisku hori).

 

«Eguberri garaia iritsita, ezin falta dagoeneko klasiko bilakatu den Gabonetako Azoka», adierazi du Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak. «Segurtasun neurri guztiekin egingo dugu, eta ziur gaude Donostiako alderdi erakargarrietako bat izango dela aurtengo Eguberri bitxiotan. Era berean, akuilu gisa balioko du merkataritza dinamizatzeko garai hauetan, eta, hemendik egun gutxira, onlineko bertsio bat ere gaituko dugu Eguberrietako erosketak egin ahal izateko», gaineratu du.

 

Aurtengo edizioan, Gabonetako azokak 34 etxola ditu: 27 Frantzia pasealekuan eta beste zazpi Santa Katalina plazan. Batetik bestera gutxienez 1,5 m-ko tartea dago.

 

Edukiera kontrolatzeko, gehienez 587 lagunentzat dago tokia azokan, eta pertsonak denbora errealean kontatzen dituen sistema bat ipini da, azokaren sarrera eta irteera arkuetan. Semaforo erako sistema batek edukieraren berri ematen du (argi gorria, laranja edo berdea), jende pilaketak saihesteko. Edukiera hori azokaren webgunean ere kontsultatu daiteke: www.donostiagabonetakoazoka.eus.

 

Autobus geltokitik gertuen dagoen aldean dago sarrera; hori dela eta, Maria Cristina zubian pantaila bat ipini da azokan zenbat jende dagoen adierazteko. Beste aldean, Santa Katalina zubiaren alboan dago bigarren sarrera bat; hala, gurutzatzeak saihesteko, etxolen atzeko aldetik gidatzen da jendea sarrera nagusiraino. Azokako irteerak Urumea plazan (tren geltokiaren parean) eta Santa Katalina zubiaren sarreraren ondoan kokatutak daude. Puntu horretan, sarrera eta irteera posizioak zinten bidez bereizita daude, sartu-irtenek eragindako gurutzatzeak saihesteko. Santa Katalina Plazako sarbidea Askatasunaren hiribidearen aldetik da, noranzko bakarrean, Maria Cristina hotelerantz.

 

Azoka barruan, zirkulazio noranzko bakarreko zirkuitua antolatu da, pertsonen fluxua antolatzeko. Aurreikusten da, halaber, azokaren ibilbide osoa egin nahi ez duten ikusleek merkatuaren hainbat gunetara sartu ahal izatea, atzeko erreia eta parterreen arteko eremu libreak baliatuz.

 

Urumea plazan 250 metro koadroko gune estali bat dago, 50 lagunentzako edukierarekin. Santa Katalina plazaren kasuan, 7 etxola daude, eta 43 lagunentzako gehieneko edukiera ezartzen da.

 

Nahitaezkoa da une oro maskara erabiltzea; txartelarekin ordaintzea sustatzen da, eta ezin da erre bi metro baino gutxiagora. Ibilbidean zehar, jendetzarik egon ez dadin, kartelak ipini dira, adieraziz ezin dela osatu sei pertsonatik gorako talderik. Debekatuta dago azoka barruan berehala kontsumitzeko edariak saltzea, bai eta kanpotik eramandako edariekin sartzea ere. Ezin da elikagairik kontsumitu azokan. Erabiltzaileek eskuak garbi dauzkatela bermatzeko, gel hidroalkoholikoa ipini da sarreretan eta azokako etxola bakoitzean.

 

Pantailetan eta seinaleetan emaniko informazioaz gainera, azokako langileek ere adierazten diete bisitariei zer norabide jarraitu behar duten gunearen barruan, baita zer ordezko bide dauden ere, edukiera beteko balitz.

 

Gabonetako Azoka abenduaren 11n ireki zen eta 2021eko urtarrilaren 5era arte iraungo du. Ezarritako ordutegia 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara da, nahitaezko merkataritza-jarduerarekin. Erakustokiak 11:00etatik 21:00etara bitartean egon daitezke irekita.

 

 

 

Plano Mercado de Navidad

Plano Mercado navidad 2020

Registro de nueva cuenta

¿Ya tienes una cuenta?
Iniciar sesión o Restablecer la contraseña