Donostiako gabonetako azoka ostiralean irekiko da, abenduak 11, segurtasun protokolo zorrotz bati jarraituz

Gehieneko edukiera eta ibilbideak ezarri dira Frantzia pasealekuko eta Santa Katalina plazako etxolak bisitatzeko. Denbora errealean jakinaraziko da zenbat jende dagoen bi gune horietan, zenbaketa adimenduneko sistema baten bidez.

Donostiak aurten ere izango du Gabonetako Azoka Urumea ibaiaren ertzean, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Donostia Sustapenaren bidez antolaturik. Aurtengo edizioan, segurtasun protokolo bat prestatu da, COVID-19ari aurre egiteko ezarritako legeriarekin bat etorriz. Protokolo horrek hainbat babes neurri ezartzen ditu, birusa kutsatzeko arriskua arrisku komunitarioaren antzekoa izan dadin lortzeko (uneotan, txikia edo oso txikia da arrisku hori).

«Eguberri garaia iritsita, ezin falta dagoeneko klasiko bilakatu den Gabonetako Azoka», adierazi du Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak. «Segurtasun neurri guztiekin egingo dugu, eta ziur gaude Donostiako alderdi erakargarrietako bat izango dela aurtengo Eguberri bitxiotan. Era berean, akuilu gisa balioko du merkataritza dinamizatzeko garai hauetan, eta, hemendik egun gutxira, onlineko bertsio bat ere gaituko dugu Eguberrietako erosketak egin ahal izateko», gaineratu du.

Aurtengo edizioan, Gabonetako azokak 34 etxola izango ditu: 27 Frantzia pasealekuan eta beste zazpi Santa Katalina plazan. Batetik bestera gutxienez 1,5 m-ko tartea dago.

Edukiera kontrolatzeko, gehienez 587 lagunentzat izango da tokia azokan, eta pertsonak denbora errealean kontatzen dituen sistema bat ipiniko da, azokaren sarrera eta irteera arkuetan. Semaforo erako sistema batek edukieraren berri emango du (argi gorria, laranja edo berdea), jende pilaketak saihesteko. Edukiera hori azokaren webgunean ere kontsultatu ahalko da: www.donostiagabonetakoazoka.eus.

Autobus geltokitik gertuen dagoen aldean egongo da sarrera; hori dela eta, Maria Cristina zubian pantaila bat ipiniko da azokan zenbat jende dagoen adierazteko. Beste aldean, Santa Katalina zubiaren alboan egongo da bigarren sarrera bat; hala, gurutzatzeak saihesteko, etxolen atzeko aldetik gidatuko da jendea sarrera nagusiraino. Azokako irteerak Urumea plazan (tren geltokiaren parean) eta Santa Katalina zubiaren sarreraren ondoan kokatuko dira. Puntu horretan, sarrera eta irteera posizio zinten bidez bereiziko dira, sartu-irtenek eragindako gurutzatzeak saihesteko. Santa Katalina Plazako sarbidea Askatasunaren hiribidearen aldetik egingo da, noranzko bakarrean, Maria Cristina hotelerantz.

Azoka barruan, zirkulazio noranzko bakarreko zirkuitua antolatu da, pertsonen fluxua antolatzeko. Aurreikusten da, halaber, azokaren ibilbide osoa egin nahi ez duten ikusleek merkatuaren hainbat gunetara sartu ahal izatea, atzeko erreia eta parterreen arteko eremu libreak baliatuz.

Urumea plazan 250 metro koadroko gune estali bat dago, 50 lagunentzako edukierarekin. Santa Katalina plazaren kasuan, 7 etxola daude, eta 43 lagunentzako gehieneko edukiera ezartzen da.

Nahitaezkoa da une oro maskara erabiltzea; txartelarekin ordaintzea sustatuko da, eta ezingo da erre bi metro baino gutxiagora. Ibilbidean zehar, jendetzarik egon ez dadin, kartelak ipiniko dira, adieraziz ezin dela osatu sei pertsonatik gorako talderik. Debekatuta egongo da azoka barruan berehala kontsumitzeko edariak saltzea, bai eta kanpotik eramandako edariekin sartzea ere. Ezingo da elikagairik kontsumitu azokan. Erabiltzaileek eskuak garbi dauzkatela bermatzeko, gel hidroalkoholikoa ipiniko da sarreretan eta azokako etxola bakoitzean.

Pantailetan eta seinaleetan emaniko informazioaz gainera, azokako langileek ere adieraziko diete bisitariei zer norabide jarraitu behar duten gunearen barruan, baita zer ordezko bide dauden ere, edukiera beteko balitz.

Gabonetako Azoka abenduaren 11n irekiko da eta 2021eko urtarrilaren 5era arte iraungo du. Ezarritako ordutegia 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara da, nahitaezko merkataritza-jarduerarekin. Erakustokiak 11:00etatik 21:00etara bitartean egon daitezke irekita.

Domingo Lunes Martes Miércoles Jueves Viernes Sábado Enero Febrero Marzo Abril Mayo Junio Julio Agosto Septiembre Octubre Noviembre Diciembre

Registro de nueva cuenta

¿Ya tienes una cuenta?
Iniciar sesión o Restablecer la contraseña